Azkuna Zentroa

AlhóndigaBilbaok “Black is Beltza” Fermin Muguruzaren proiektua aurkeztuko du 2014ko azaroaren 13tik 2015eko otsailaren 8ra bitartean. Harkaitz Cano idazlearen eta Jorge Alderete irudigilearen laguntzaz, Fermin Muguruzak sortutako eleberri grafikoari buruzko erakusketa-proiektua da. 1965ean Iruñeko erraldoiak New Yorkeko Erakusketa Unibertsalean izan zirela abiaburutzat hartuta, “Black is Beltza” proiektuak ekintza eta espioitzako istorio bat eraikitzen du, musika, amodioa eta iraultza nahasiz, eta zinemagintzako genero desberdinak eta ikus-entzunezko aurrerapenak elkartuz.

Erakusketan, istorio hori eraikitzeko erabili den materiala eta irudirik esanguratsuenak izango ditugu ikusgai. Erakusketa dagoen bitartean, hainbat jarduera izango dira gune berean, komikia, musika, zinema, literatura edota gastronomia ardatz gisa hartuta.

Fermin Muguruzak proiektu honi ekitea erabaki zuen, prentsan gatazka bat jasotzen zuen irudi bat aurkitu zuenean, paradoxikoki bada ere, gatazka hori arrotza eta ezaguna baitzitzaion aldi berean:

“1965ean New Yorken egindako argazkian, Iruñeko erraldoien konpartsa agertzen zen, San Ferminetako ohiko irudia, New Yorkeko 5. Etorbidetik desfilatzen ari zela. Argazki-oinean irakur zitekeenez, bi erraldoi beltzei debekua ezarri zieten desfilatzeko, arrazagatiko istiluak zirela eta. Hori guztia irakurri eta berehala, argi ikusi nuen hor istorio bat zegoela”.

Gertaera historiko hori abiaburutzat hartuta, Muguruzak gure istorioko pertsonaia nagusiaren kontakizuna eraikiko du, Manex Unanuerena. Gazte horren begirada hartuta, kontakizunak zehatz azalduko dizkigu hirurogeiko hamarkadaren erdialdeko asalduzko garaietan izan ziren gertaera nagusiak: Malcolm X-en heriotzak eragindako arrazagatiko istiluak, The Factory mitikoko pertsonaien nabarmenkeriak, Kubako Inteligentzia Dibisioko zerbitzu sekretuen eta Estatu Batuetako Black Panthers-en arteko itunak, garai hartako musika-jaialdiak blaitu zituen psikodelia proto-hippiea, Gerra Hotzean bi bandoetako espioiek izan zituzten interes-jokoak, Cheren espiritua Kongon eta Aljerian, eta Bolivian izandako heriotza, eta gure backyard-a: Francoren diktadura zahar-okitua eta grisa. Jakin-mina pizten duen istorioa, fikzioa eta errealitatea nahasten dituena, amodioa, iraultza eta espioitza mintzagai hartuta. Soinu-banda etengabe agertzen da, atzeko oihal baten gisa, eta era grafikoan ere ematen da aditzera, garai hartako giroan murgilarazteko.

Erakusketak bidaia bat egiteko gonbita egiten dio ikusleari. Manexen abenturak gertatzen diren aldi berean da bidaia, gure protagonistak 50 urte lehenago korritutako herrialdeetan barrena. Horrez gain, proiektuko hainbat fasetan zuzen edo zeharka erabili den materiala bildu du: egileak istorioa egituratzeko laguntza moduan izan dituen argazki-artxiboak, eleberri grafikoaren jatorrizko marrazkiak, eta ikus-entzunezko materialak, sasoi hartako ikuspegi sozial, politiko eta kulturalaren erakusgarri.

Erakusketa dagoen bitartean, jarduera ugari egingo dira aldi berean erakusketako gunean, eta lagungarriak izango dira proiektua osorik berriz zehazteko. Besteak beste, honakoak izango ditugu: Muguruzak berak zuzendutako solasaldi musikatuak, hainbat artistaren Master Class-ak, sukaldaritzako saioak, hitzaldiak eta abar.

Bestalde, proiektu honek jarduera didaktiko bat du, nerabeekin lantzeko, eta bisita-programa bat ere bai, ikastetxeei eta elkarteei zuzenduta.