Irailaren 30ean estreinatuko dute ‘Black is Beltza II: Ainhoa’ filma
zinea ➝
Black is Beltza II: Ainhoa filma 2022ko irailaren 30ean iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. Fermin Muguruzak sortutako proiektua Gerra Hotzaren amaieran kokatuko da, eta Manex Unanueren alaba, Ainhoa, izango da protagonista.
Fermin Muguruzak orain bi urte Donostia Zinemaldian aurkeztu zuen ekoizpenaren jarraipenak badu estreinaldirako data. Animaziozko film luzeen nazioarteko koprodukzioak sustatzeko Cartoon Movie foroan parte hartu du berriki Black is Beltza II: Ainhoa proiektuak, eta 2022ko irailaren 30ean iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. Filmaz gain, soinu bandaren diskoa eta Susanna Martín ilustratzaileak sortutako komikia ere aurkeztuko dituzte, transmedia proiektua borobilduz.
Isa Campo gidoilariak eta Harkaitz Cano idazleak idatzi dute istorioa, eta Imanol Zinkunegi izan da animazio zuzendaria. Beñat Beitia arduratu da arte zuzendaritzaz eta marina Omedes zein karin de Krook lan egin dute Bartzelonako estudioetan. Josep Homsek sortu ditu 2D eta 3D diseinuak, eta Talka Records Filmesk ekoiztu du.
Manex Unanueren alaba, Ainhoa, izango da protagonista eta Gerra Hotzaren amaieran kokatuko da. Lehen filmeko gertakari horietatik bi hamarkada beranduago jaio zen alaba La Pazen (Bolivia), eraso parapolizial baten ondorioz Amanda ama hil ondoren. Gaztea Kuban hazi zen eta 1988an, 21 urte zituela, Euskal Herrira joan zen aitaren lurra ezagutzera.
Euskal Herrira egindako bidaia horretan, Azken Guda Dantza emanaldira joateko aukera izango du, Kortatu taldeak eskainitako azken kontzertua. Horrez gain, Josune kazetari konprometitua eta haren adiskideak ezagutuko ditu ere; garaiotako gazte belaunaldian heroinak utzitako arrastoa gertutik bizituko du, eta narkotrafikoak gogor astindutako Kabul, Sobietar Batasuna eta Marsella bezalako helmugak ezagutzeko aukera izango du. Baita heroinak astindutako Euskal Herria ere. Ariadna Gil, Antonio de la Torre, Yashmine Kris, Itziar Ituño, Darko Peric, Gorka Otxoa, Jon Plazaola, Maria Cruickshank eta Ander Lipus dira protagonistei ahotsa jarri dieten aktoreak.
Proiektuaren arduradunek iragarri dute aurki zabalduko dutela informazio gehiago. Gaur gaurkoz, kartelaren teaserra.