Zuzendariak dio

Desfile de gigantes de Iruña en las calles de Nueva York

Iruñeko erraldoien konpartsa, San Fermin jaietan ohikoa, agertzen zen New Yorkeko 5. etorbidean desfilatzen; eta argazki-oinean irakurtzen zen, arraza-diskriminazioa zela eta, debekatu egin zitzaiela desfilean parte hartzea bi erraldoi beltzei; berehala ohartu nintzen han istorio bat zegoela.

Gero, Kubara egin nituen bisitetako batean, ezkutuko misio baten, askotariko beste baten, kontakizunaz gozatu nuen, haren protagonistetako batek kontatuta; alegia, 1960. hamarkadako urteen amaieran Kubako Inteligentzia Dibisioko zerbitzu sekretuek nola egin zuten, Gerra Hotz betean, ezkutuko operatibo bat Kubako Iraultzak Estatu Batuetan begiko zuen eta bultzatzen zuen mugimenduetako bati (Black Panthers) laguntzeko. Kontatu zidan militante afro-amerikar bat salbatu nahi zutela, kontrainteligentziaren bidez jakin zutelako CIAk “garbitu” egingo zuela; eta Mexikotik sartu behar izan zutela, Estatu Batuetan harekin harremanetan jarri eta Kubara eraman, han errefuxiatu politikoaren statusa izan zezan, eta zein bidaldi gorabeheratsu eta harrigarria egin zuten horretarako. Garai hartan ohikoa zen desorientatze-maniobra nahasgarrietako bat izan zen, nazioartean ziharduten zerbitzu sekretuek beren susmoak berretsi ez zitzaten, hots, kubatarrak nahasturik zeudela atzerriko herrialdeetan agertzen ziren talde borrokalariekin.

New Yorkeko desfilea, Kubak zuzenduriko operazio ezkutua eta istorioak ukituriko hiriak, 1967 urtean girotuak, gure narrazioaren inguruan hasi ziren jira-biran eta dantzan, Iruñeko konpartsako erraldoiak bezala San Fermin jaietan; New York eta The Factory, Harlem eta Malcolm X-en heriotzaren ondorengo arraza-iskanbilak, Apollo aretoa eta soul-a, Muhammad Ali tximeleta gisa flotatzen zela, erleak bezala ziztaka, Kuba eta yoruba erritmoak, Mexiko eta Juan Rulfo infinitua, Los Angeles eta Tin Tan, Monterreyko festibala eta Xalbadorren bertsolari-finala, San Francisco eta Black Power, Montrealgo Expoa eta Charles de Gaulle, Algeria eta Cheikha Rimitti, Madril Francoren diktadura zitalaren pean, eta Che-ren, beti Che-ren, presentzia.

Istorio kilikagarri honek fikzioa eta errealitatea uztartzen ditu; espioitzaz, iraultzaz eta maitasunaz hitz egiten du; eta horren gainean hegaldaka Vietnam, Israelen 6 eguneko gerra, KGB, CIA eta MOSSAD, Bolivian gerrilla, mundu zabalean askapen-mugimenduak, droga psikodelikoak, sexu-askapena eta orgasmoaren iraultza, eta guztiaren gainetik, Otis Redding-en musika: Respect.
Fermin Muguruza