Musika esparruan egin duen ibilbide zabalagatik dugu batez ere ezaguna, Fermin Muguruza; Kortatu 1980. hamarkadan, Negu Gorriak 1990.ean eta bakarlari moduan, geroztik. Honez gain, azken 8 urteetan ikus-entzunezko alorrean gauzatu duen lan gorpu esanguratsuagatik ere nabarmendu izan da. Bass-que Culture, Checkpoint Rock. Canciones desde Palestina, Zuloak, Nola? eta No More Tour film luzeez gain, musika arabiarrari buruzko 11 dokumentalek osatzen duten seriea, Next Music Station, zuzendu zuen Al Jazeera katearentzat. Gaur egun, musika dokumentalen sailean, Mexikoko DOCSDF eta Cine Migrante de Argentinako programatzailea da.
Harkaitz Cano gaurko euskarazko literaturaren adierazgarri nagusienetarikoa da. Ia genero guztiak landu ditu: ipuina, nobela, poesia eta saiakera. Bere argitalpenik berrienak Twist eleberria (2013), Circo de Invierno kontaketa-bilduma (2013) eta Compro Oro poema-liburua (2011) dira. Musikari eta artista plastiko ezberdinekin egin ohi duen elkarlanagatik ere ezaguna da. Komiki gidoilari gisa, bi lan argitaratu ditu Iñaki G. Holgado marrazkilariarekin batera. Bere obra ingelesera, holandesera, italiera eta errusiera itzulia izan da, beste hizkuntzen artean.
Jorge Alderete, Argentinako Patagonian jaiotako diseinatzaile eta ilustratzailea da, egun Mexikon bizi dena. Nazioarteko hainbat antologiatan bildu dira haren lanak. Rock munduarekin duen harreman estuaren lekuko dira hainbat herrialdeetako taldeentzat egin dituen 100 disko azal, kartel eta diseinuak: Lost Acapulco, Sonido Gallo Negro eta Twin Tones Mexikon; Los Fabulosos Cadillacs eta Andres Calamaro Argentinan, eta Los Straitjackets AEBetan, beste askoren artean. Isotonic Records diskoetxearen jabe eta sortzaileetako bat da, baita Vertigo Galeriarena ere. Bereak dira Yo soy un Don Nadie (2008), Sonorama (2012) eta Otro Yo (2012) liburuak.