Denbora kontua besterik ez zen eta, azkenean, Fermin Muguruza eta Raül Fernández Refree geldiezinek bat egin dute. 2002an eszenatoki gainera igo ziren elkarrekin, biek The Rockdelux Experience kontzertu kolektiboan parte hartu zutenean, baina ziur asko inork ez zuen espero izango elkarrekin gauzatuko zuten lehen proiektua “Guerra” izatea, Albert Pla-rekin batera hirukotean egin zuten multimedia antzezlana. Ikuskizun hartako biran, Fermin hasia zen jada “Black is Beltza” proiektuari bueltak ematen. Nobela grafiko moduan irudikatu zuen hasiera batean (Harkaitz Canorekin batera idatzia eta Jorge Aldereteren marrazkiekin), baina laster formatu horren mugetatik haratago zabaldu zen eta “transmedia tresna” bihurtu zen, hainbat norabidetan haziz: erakusketak, soinu laborategiak, hitzaldiak, emanaldiak, lantegiak, jarduera artistikoak eta, amaiera gisa, asmo handiko animaziozko film bat.
Hain zuzen ere, “Black is Beltza”ko soinu banda izan da Fermin eta Raül berriz ere elkartu dituena, eta soundtrack-eko zenbait abesti Raülek sinatu ditu, moldatzaile eta produktore lanak egiteaz gain. Artista katalanak medium lana egin du, irudien akonpainamendu musikala imajinatzeko garaian Muguruzaren buruan pilatuta zeuden ideia guztiak bideratzen lagundu baitio, era horretan hirurogeiko hamarkadaren bigarren erdialde nahasian girotutako istorio bat kontatzeko, New Yorketik Kubara doana, Mexiko, Aljer edo Montrealen barrena. Horrenbeste eszenatoki eta pertsonaia egonik, beste horrenbeste erritmo, genero eta musikari behar ziren, eta bai Ferminek bai Raülek beren agendak erabili dituzte, nekez berdindu daitekeen artista zerrenda biltzeko.
The Velvelettes-en erreskatea, eta Iseo edo Anariren ahots bereziak. Atzera begirako keinua Negu Gorriak-i, eta Maika Makovski-ren edo Ana Tijoux-en nortasun indartsua. Manu Chao kamarada eta Sonido Gallo Negro ikaragarriak. Erraza da Ferminen proiektuak name-dropping liluragarri eta amaiezin bihurtzea, baina soinu banda osatzen duten ekarpenetatik haratago, soinu diskurtsoa sendoa da bere aniztasunean, ekarpen bakoitzak batu egiten duelako, eta den-denak helburu bakar batera biltzen direlako: begirada poliedriko baina era berean koherente bat egituratzea. Zeremonialari gisa, Muguruzak distira egiten du ahotsa protagonista duen errepertorio bat modulatuz, eta bidaia musikal bat sortzen du, elkarrizketaz, giro soinuz edo izaera atmosferikoko mezu laburrez zipriztindua, entzulea pertsonaien eta istorioaren testuinguruan kokatu dadin, baita filmeko fotogrametatik haratago ere.
Azken batean, diskoa biltzen duen multimedia tresna hori, Ferminen ibilbidean behin eta berriz agertzen diren lekuak bisitatzen dituena, Ferminen lanaren metafora bat baino ez da, elkarri lotuta dauden abestietan, lotura historiko eta artistikoetan, konplizitate pertsonaletan eta jarrera erostezin batean oinarrituta eraikia, berriz ere “Black is Beltza”ko abesti bakoitzean ageri dena, sorkuntza era banaezinean konpromisoari lotuta baino ulertzen ez duen artista baten ikur gisa. Gauza bera gertatzen zaio Raüli. Eta horrexegatik ulertu dute elkar horren ongi.
Eduardo Guillot