Black is Beltza>Página 7
Black is Beltza

‘Black Is Beltza II’ komikia bidean da

Berria 

‘Black Is Beltza II: Ainhoa’ komikia urriaren 6an argitaratuko dute, euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta galegoz. Susanna Martin marrazkilariak Manex aitaren grazia eman dio Ainhoa protagonistari

Fermin Muguruzak «bonba hedakor» baten gisa aurkeztu zuen Black Is Beltza proiektua, 2014ko azaroan, eta halaxe zabaldu zen hurrengo urteetan: komikia, itzulpenak, abestia, erakusketak, animaziozko filma, soinu banda, liburua… Dardararik ez da nabaritu 2018az geroztik, baina taldea martxa bizian ari da lanean berriro, eta datorren udazkenerako asmoek beste eztanda baten itxura dute: irailaren 30ean, Black Is Beltza II: Ainhoa filma estreinatuko dute Hego Euskal Herrian, eta, urriaren 6an, izen bereko komikia kaleratuko dute Talka Records & Films plataformak eta Elkar argitaletxeak, euskaraz.

Gainera, egun berean, Talkarekin elkarlanean, katalanezko edizioa aterako du Pol·len argitaletxeak, galegozkoa Demok, eta gaztelaniazkoa Reservoir Booksek, Espainian, Latinoamerikan eta AEBetan dituen egoitzen bidez. Muguruzak, Harkaitz Canok eta Isa Campok idatzi dute gidoia, eta Susanna Martinek marraztu du. BERRIAk lehen irudiak erakutsi ditu, eta Martinekin hitz egin du sortze prozesuaz.

Martin Bartzelonan jaioa da, 1976an, eta zazpi urte dira Euskal Herrian bizi dela. Iazko udaberrian jaso zuen Muguruzaren deia, eta marraztu eta marraztu ari da ordutik, lanak garaiz bukatzeko asmoz. Bigarren komikiak Jorge Alderetek marraztutako lehenaren neurri bera izango du, eta Martinek kontuan izan du haren lana, baina bere estiloan aritu da, halere: «Ferminek horixe nahi zuen, bakoitzak proiektua bere modura interpretatzea. Lehen komikitik erreskatatu ditut tramen eta koloreen egitura, baina nirera ekarri dut zeharo».

Filmaren gidoia, komikira

Martin marrazten ari den bitartean ari dira filma prestatzen, baina ez du irudi askorik ikusi nahi izan, horren eraginik ere ez izateko. «Gainera, zinemaren eta komikiaren narrazioa oso desberdina da». Hori izan da lanik zailena, marrazkilariaren arabera: zuzenean zinemarako idatzitako gidoi bat komiki bihurtzea. «Asko moztu behar izan dut, eszenak luzeak zirelako komiki baterako, eta, mantenduz gero, astuna litzatekeelako. Moldatu egin behar izan dut: pasarte batzuk azkartu, besteak pixka bat moteldu…».

'Black Is Beltza II: Ainhoa' komikiaren azala

Black is Beltza 2 Ainhoa komikiaren Portada

Komikiak Ainhoa protagonistaren izena darama; Black Is Beltza-ko Manexen alaba da. Kuban hazi, eta, 1988an, 21 urterekin, Euskal Herrira joango da, aitaren lurraldea ezagutzera. «Aitaren graziarekin egin dut Ainhoa. Fermini ez nion ezer esan, eta jarrera harro hori lehen aldiz ikusi zuenean, gustatu zitzaion. Bera ere arima libre bat da, edo bala galdu bat», azaldu du Martinek.

Gidoia marraztu duenean, bizia eman die pertsonaiei: «Aktorea banintz bezala, gertatzen dena interpretatu dut, odola sartu diet». Nahiz eta batzuk besteak baino gehiago gustatu zaizkion: «Badago bigarren mailako pertsonaia bat gogoko ez dudana, eta hari ergel tankera eman diot, adibidez».

Pertsonaiak batetik bestera ibiliko dira, lehenengo komikian bezalaxe, Martinek kontatu duenez. «Orain Afganistan marrazten ari naiz, hain justu». Ainhoa kazetari lagun batekin joango da hara. «1988an haurra nintzenez, telebistaren bidez ikusten nuen dena: talibanen gorakada, Gerra Hotza… Gustatzen zait orduan ulertu gabe ikusten nuen hori marraztea, hori izan delako, gainera, ondorengo beste gerra askoren abiapuntua. Lagundu dit hutsune batzuk osatzen ere».

Pasarte batean baino gehiagotan egin du Martinek lotura pertsonal hori. Esaterako, Iruñean girotutako hasierako zatiak ere piztu zion arreta: «Katalana izanda eta hemen bizita, badaude gauza batzuk badakizkizunak edo intuitzen dituzunak: ETA, presoak… Hor daude, galdera markekin, eta gustatzen zait nola dagoen planteatuta gatazkari buruzko kontua; uste dut errespetu handiz landu dutela».

Dokumentazioan, zorrotz

Agertoki horiek guztiak behar bezala irudikatzeko, dokumentazio lan handia egin dute. «Eromena izan da». Martinek ez du hutsetik hasi beharrik izan, ordea, Muguruzak dagoeneko prest zuelako material guztia: «Den-dena pasatu dit, karpetak eta karpetak, detaile guztiak zainduta. Biok bat gatoz horretan, oso zorrotzak gara».

Orain, marrazkilariak lanean jarraitzen du, egindakoa erakusteko irrikaz, dagoeneko. «Arraroa da honela lan egitea, txikira ohituta egonik. Lana Ferminek bakarrik ikusi du ia, hilabeteak daramatzat sareetara marrazkirik igo gabe, eta, irudiarekin lan eginda, arraroa izaten da hori. Zerbait erakusteko beharra daukat!».

Lire l’article original

Black is Beltza

We’re at Cannes Festival represented by Film Factory with our fiery teaser poster

Nous sommes à Cannes
@Festival_Cannes  
, représentés par @filmfactoryent  avec notre teaser-poster incendiaire.

We are in Cannes
@Festival_Cannes, represented by @filmfactoryent with our incendiary teaser-poster.

#Cannes2022

Lire l’article de Film Factory

Black is Beltza

Irailaren 30ean estreinatuko dute ‘Black is Beltza II: Ainhoa’ filma

zinea

Black is Beltza II: Ainhoa filma 2022ko irailaren 30ean iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. Fermin Muguruzak sortutako proiektua Gerra Hotzaren amaieran kokatuko da, eta Manex Unanueren alaba, Ainhoa, izango da protagonista.

black-is-beltza-2-ainhoa-kartela teaserra-zinea

Fermin Muguruzak orain bi urte Donostia Zinemaldian aurkeztu zuen ekoizpenaren jarraipenak badu estreinaldirako data. Animaziozko film luzeen nazioarteko koprodukzioak sustatzeko Cartoon Movie foroan parte hartu du berriki Black is Beltza II: Ainhoa proiektuak, eta 2022ko irailaren 30ean iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. Filmaz gain, soinu bandaren diskoa eta Susanna Martín ilustratzaileak sortutako komikia ere aurkeztuko dituzte, transmedia proiektua borobilduz.

Isa Campo gidoilariak eta Harkaitz Cano idazleak idatzi dute istorioa, eta Imanol Zinkunegi izan da animazio zuzendaria. Beñat Beitia arduratu da arte zuzendaritzaz eta marina Omedes zein karin de Krook lan egin dute Bartzelonako estudioetan. Josep Homsek sortu ditu 2D eta 3D diseinuak, eta Talka Records Filmesk ekoiztu du.

Manex Unanueren alaba, Ainhoa, izango da protagonista eta Gerra Hotzaren amaieran kokatuko da. Lehen filmeko gertakari horietatik bi hamarkada beranduago jaio zen alaba La Pazen (Bolivia), eraso parapolizial baten ondorioz Amanda ama hil ondoren. Gaztea Kuban hazi zen eta 1988an, 21 urte zituela, Euskal Herrira joan zen aitaren lurra ezagutzera.

Euskal Herrira egindako bidaia horretan, Azken Guda Dantza emanaldira joateko aukera izango du, Kortatu taldeak eskainitako azken kontzertua. Horrez gain, Josune kazetari konprometitua eta haren adiskideak ezagutuko ditu ere; garaiotako gazte belaunaldian heroinak utzitako arrastoa gertutik bizituko du, eta narkotrafikoak gogor astindutako Kabul, Sobietar Batasuna eta Marsella bezalako helmugak ezagutzeko aukera izango du. Baita heroinak astindutako Euskal Herria ere. Ariadna Gil, Antonio de la Torre, Yashmine Kris, Itziar Ituño, Darko Peric, Gorka Otxoa, Jon Plazaola, Maria Cruickshank eta Ander Lipus dira protagonistei ahotsa jarri dieten aktoreak.

Proiektuaren arduradunek iragarri dute aurki zabalduko dutela informazio gehiago. Gaur gaurkoz, kartelaren teaserra.

Lire l’article original