Black is Beltza>Musikaren eta zinemaren borrokek bat egin dute ‘Black is Beltza 2: Ainhoa’-ren estreinaldiaren jai handian
Black is Beltza

Musikaren eta zinemaren borrokek bat egin dute ‘Black is Beltza 2: Ainhoa’-ren estreinaldiaren jai handian

eitb

Belodromoak kontzertu bat bezala ikusi eta sentitu du Fermin Muguruzaren pelikula. Lantalde osoa hartu eta besarkatu dute Zinemaldiko estreinaldi jendetsuenean izan diren 3.000 lagunek.

Lau urteko ekoizpenaren ostean, Black is Beltza pelikularen bigarren zatiak, Ainhoa-k, merezitako estreinaldi handia izan du Donostiako Belodromoan, Zinemaldiaren baitan. Hitzordu handi baten tankera, ekitaldi historiko horietako batena, hartu dio berez pelikula baten proiekzioa izan behar zenak.

Izan ere, Black is Beltza 2: Ainhoa-ren estreinaldia festa handi bat izan da. 3.000 lagun izan dira pantaila erraldoiaren aurrean. Euskal musika, zinema eta politikagintzako hainbeste pertsona ezagun bertan ikusita, tartean Negu Gorriak taldeko kideak, ematen zuen ez zela inor falta. Baina, egia esan, jende asko geratu da kanpoan, sarrerak salgai jarri eta gutxira agortu baitziren.

Horiek zinema aretoetan ikusteko aukera izango dute irailaren 30etik aurrera Hego Euskal Herrian. Pelikulako lantaldeak gogorarazi duen bezala, zine areto komertzialetan erakutsi beharko dute ikus-entzuleek euskarazko pelikula hau benetan babesten duten; sarrerak erosita, alegia. “Dena jolasten dugu karta batera, eta jendea joaten ez bada, bagoaz zinemetatik”, esan dute pelikula bukatu ondoren.

Belodromoko jendetzak kontzertu bat bezala ikusi du pelikula. Txaloka, oihuka eta txistuka, emozioz beteta, hartu dituzte ikus-entzuleek pantailako marrazkiak eta kantak, eta tragoak ere ez dira falta. Fermin Muguruza zuzendariak eskatu zuen bezala, filma erabat “arnastu” du publikoak, elkarrekin hasieratik bukaerara. Hasi, proiekzioa baino lehenago hasi da festa, Iruñeko Broken Brothers Brass Band taldeak Belodromo kanpoaldea berotu baitu arratsaldetik.

2018ko pelikulako Manexen alaba da bigarren zatiko protagonista. Oraingoan, hamarkada batzuk aurrera egin du Black is Beltza fenomenoak. 68ko maiatza irudikatzeko aukera albo batera utzi du Muguruzak, eta bete-betean sartu da 80. hamarkadan. Izan ere, 1988an helduko da Ainhoa Euskal Herrira.

Rock kontzertu batean edo final handi batean bezala, Muguruza orkestra zuzendariak bikoizketa lanak egin dituzten aktoreak, istorioa idatzi duten gidoilariak, musikariak eta beste sortzaileak aurkeztu ditu, banan-bana. Azpimarratu duenez, lantalde osoa izan da Belodromoaren lehenengo ilaretan. 160 pertsona guztira. Baina ez dira guztiak agertokira igo. Txalotuenen artean izan dira Maria Cruickshank protagonistari ahotsa jarri dion aktorea, Itziar Ituño izarra, Antonio de la Torre andaluziarra eta Xabier Salutregi Egin egunkariko azken zuzendaria (filmean zeresana duena), baina guztientzako beroa erakutsi du Belodromoak.

Ainhoa, Kuba-Euskal Herria-mundua

Hasiera potentea du pelikulak. Dagoeneko gogotsu zegoen publikoa sutan jarri du “Zu atrapatu arte” abestiak, Kortaturen Martuteneko kartzelako kontzertuan. Kreditu zirraragarriek aurrera jarraitu dute Joseba Sarrionandiaren eta Iñaki Pikabearen 1985eko San Fermin eguneko ihesaldiarekin. Spoiler-rik ez dugu egin, “Zu atrapatu arte” eta “Sarri, Sarri” dagoeneko argitaratutako soinu-bandan agertzen direlako.

Kubatik Euskal Herrira, eta Ainhoaren aitaren jaioterritik 80. hamarkadako borroka garrantzitsuenen eskenatokietara. Izan ere, lehenengo zatia bezala, internazionalismoak eta munduko iragan hurbilean irakiten egon diren leku askotako gatazkak sentiarazteko asmoak zeharkatzen dute Black is Beltza 2. Kasu honetan, gainera, Muguruzaren pelikulak ez dio uko egiten heroinaren erabilpen politikoaren gaia zuzenean jorratzeari. Hala ere, diskurtsoen zuri-beltzen arteko grisei lekua ematen die, ETAren indarkeriaren inguruko askotariko iritziak islatuta, esaterako.

Black is Beltza 2: Ainhoa pelikulan ere gauza asko gertatzen dira. Pertsonaia guztiak momentu historiko guztietan daudenaren sentsazioa uzten dizu, baina hori ez da arazo handia. Erreferentzia musikal eta historikoen zaparradak nekatzeko arriskua dakar, baina emozioen erabilpen egokiari esker, lehen zatiak baino hobeto funtzionatzen du. Belodromoan agerian geratu da arrakasta. Orain zinema aretoen txanda izango da.

Deigarria da, Zinemaldiaren baitan, euskarazko pelikula batean (euskaraz egiten da nagusiki, eta tituluak euskaraz daude) soilik gaztelaniazko eta ingelesezko azpidatziak irakurri ahal izatea. Hau da, euskara ez diren beste hizkuntzak (frantsesa, ingelesa, arabiera, paxtuera, gaztelania…) entzuten direnean, euskarazko azpidatzirik ez da erakutsi Belodromoko ekitaldian. Ez da Zinemaldiak kritika hori jasotzen duen lehenengo aldia.

Iñigo anaiari eskainia

Ferminek 2019an zendutako anaiari eskaini dio pelikula. Gorka Otxoak ahotsa jarri dio Iñigo Muguruzari, 1988ko gaztetasunean biziberrituta, marrazkietan bada ere. Broken Brothers Brass Bandeko 11 kideek hasiera girotu dute, baita bukaera ere. Agertokira berriro igo eta “Nicaragua Sandinista”-ren bertsio berezia egin dute, Muguruzarekin batera. Horrela, publikoari irteeran lagundu diote, kaleraino, jaia luzatuta batek daki zer ordura arte.

Azkenik, Jon Maiak 2001eko adierazpen askatasunaren garaipena gogoratu du, Negu Gorriak taldeak Galindori epaiketa irabazi zionean, eta haria eten ez dela azpimarratu du, bertsotan: “Hemen bizitza ospatzen dugu, ez da bakarrik zinema, hemen herri baxuaren pean, oihuz kantatu duena. Ongi etorri mundura, Ainhoa. Eskerrik asko, Belodromoa. Hau duzu, Iñigo, omena. Gurea da garaipena“.

Fermin Muguruza, oholtzan. EITB Mediaren bideo bateko irudia

Jatorrizko berria irakurri

56
Share:
Previous Post

La memoria de Negu Gorriak llena el Velódromo con ‘Black is Beltza II: Ainhoa’