Black is Beltza>Página 2
Black is Beltza

Historiak, memoriak eta aldarrikapenak bete dute belodromoa, ‘Black is Beltza II: Ainhoa’ filmaren estreinaldian

Hamaika ➝ Belodromoa bete-bete, Black is Beltza II: Ainhoa ‘filmaren estreinaldian.
Ainhoa mirariz jaio zen La Pazen (Bolivia) Amanda ama atentatu parapolizial batean eraila izan ondoren. Kuban hazi eta 1988an, 21 urterekin, iniziazio-bidaia bati ekiten dio Euskal Herrira abiatuz lehenbiziz, Manex aitaren lurraldea ezagutzera. Gatazka errepresibo betean, Josune kazetari konprometitua eta bere lagun koadrila ezagutuko ditu.

Josuneren mutilaguna heroina gaindosi baten ondorioz hiltzen denean, honek erabakiko du Ainhoarekin batera bidaia jarraitzea eta honela murgiltzen dira Libano, Afganistan eta Marseilla hiritik barrena. Gerra Hotzaren azken urteak dira eta biak ala biak narkotrafikoko sareek trama politikoekin elkartzen diren mundu ilunean barneratuko dira.

Hego Euskal Herriko zinemetan hilaren 30etik aurrera gozatu ahalko da filmaz. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, azaroaren 16tik aurrera ikusi ahalko da. Galizian, Herrialde Katalanetan, Espainian eta Argentinan ere estreinatuko dute filma.

Black is Beltza

Durangoko poetak euskara irakatsi zion Habanako neskari

Diario Vasco ➝

‘Black is Beltza II. Ainhoa’-ren estreinaldiaren harira ostiralean Belodromoan gertatu zena ez zen ohikoa izan, erabateko festa baizik

Ostiralean Donostiako Belodromoan estreinatu zen, nazioarteko mailan, Fermin Muguruza eta makina bat sortzaileren ‘Black Is Beltza’ artefaktu multimedia bizi, bihurri, gizakiokiko seko engaiaturik zen haren bigarren zatia, atala edo jarraipena. ‘Black Is Beltza II’ horrek bandera eta izenburu hartzen du protagonistaren izen propioa, Ainhoa.

Belodromoan gertatu zena ez zen izan ohiko, usadiozko estreinaldia. Festa baizik. Elkarretaratze bat baizik. Musikaz blai izan zen asanblada. Garagardoz bustiriko bilkura ganberroa. Dantzarako aitzakia primerakoa. Aldarrikapen eta erreklamazio askotarako beta ezin-hobea eta jende-saldo baten demonio/etsai ugariren kontra orro egin ahal izateko okasioa.

Munduko herri zapaldu guztiekiko elkartasuna erakusteko parada izan (eta aprobetxatu) zuen ’24 Ordu Euskaraz’ joan den mendeko ekimen ezin ahaztukoa burutu zen leku mitikora arrimaturiko jendeak.

Bi ordu builaka eta esnetan pasa ondoren, bukatu gabe geratu diren iraultza oro berpizteko prest (eroritako kamaradak lepoan harturik) atera zen jendetza, hainbat eta hainbat Bertsolari Txapelketaren Final ospatu diren lekutik, non Bowiek eta beste hamaikak jo edo abestu duten.

Bukatu ziren ostiralean Belodromoko kanpoaldean ziren behin -behineko txosnetako zerbetzak eta barruko taberna mitikoaren tortilla bokatak

Bartzelonatik etorritako Partisano (Rebel and Antiracist) dendakoek majo saldu zituzten elastiko-samarreta-kamiseta kasik guztiak. Pelikularenak, jakina, berri-berri horiek, baina baita legendazko batzuk ere: Negu Gorriak, Kortatu…. Agortu ere bai film berriaren soinu banda altxor gordetzen duten biniloak eta CDk, mimo handiz diseinatuak. Bertan, pelikularen beraren dialogo batzuk eta amaiezina ematen duen kantuen zerrenda; Cicatriz, Mursego, Joseba Tapia, Benny Moré, RIP, Broken Brothers Brass Band….

Ez. Ez zen izan estreinaldi korrientea, baina Zinemaldiko estreinaldi markaz kanpokoetan nahitaezkoak diren erritual eta une sakratu guztiei heldu zieten antolatzaileek, sortzaileek eta artista orok.

Izan ziren aurkezleak. Izan zen alfonbra gorria. Izan ziren argiaren eta soinuaren arteko joku ikus/entzungarriak. Izan ziren Euskal Herriko izarrak. Bai zinemarenak, bai musikarenak, bai irratikoak, bai liburu-dendetako jainko eta jainkosak. Euskal Herrikoak, Marseillakoak, Kubakoak, Argentinakoak, Palestinakoak. Izan iren bertan ez ziren askori egindako omenaldi beroak…Sutan zeuden ikusleak. Txaloak ziren ugari eta franko ozenki oihukaturiko kontsignak. Batzuen aldekoak. Besteen kontrakoak.

Alfonbra gorriaren gainean, animaziozko pertsonaia guztiei ahotsa jarri dietenak: Goenkaleko Maria Cruickshank, Itziar Ituño, Antonio de la Torre… Izan zen Kaki Arkarazo. Eta emazte duen kubatar fina, filmean aholkulari ezinbesteko gisa aritu dena, Moraysys Silva.

Izan ziren ikusleen txalo zaparradaren artean Beñat Beitia eta Mariona Omedes, arte zuendariak. Eta animazioaren arduradunak; nortzuk eta Miren Berasategi, Imanol Zinkunegi, biak Lotura Films ekoiztetxearen buru. Izan zen agertokian Soaspkillesk edo RedSkinsesk edo The Poguesek sortua ez den musika konposatu duen Maite Arroitajauregi…

Eta emozio guztiak baretzen hasi zirela, berriro ekaitza, berriro oihuak, berriro… Eta ez bakarrik gidoigintzan Ferminek Harkaitz Canoren eta Isaki Lacuestaren pelikuletan nahitaezkoa den Isa Camporen laguntza jaso duelako baizik eta, baizik eta, derrepentean La Habanako malekoian gaudelako eta bertako bi neskek topo eta estropezu egiten dutelako nederlandarrak direla sinestarazi nahi duten bi gizonezkorekin. Ez, ez dira hangoak, batek Gullit futbolari bikainaren kamiseta janzten badu ere. Euskaldunak dira…

Eta Belodromoan jendeak barre egin eta txalo jo zuen. Jakin bazekielako horietako bat poeta zela eta Joseba zuela izena. Asmatu zuelako Poetak neska mulatoari euskaraz irakatsiko ziola. Txalo jo, San Fermin egunean Sarrik, pantailan egin zuelako berriro ihes. Martutenetik.

Txalo, pelikula hil honetako 30ean iritsiko baita Hego Euskal Herriko aretoetara. Eta geroxeago Iparraldekoetara. Eta beranduago Kataluniara. Eta Sevillara. Eta…

Jatorrizko berria irakurri

Black is Beltza

ESKERRIK ASKO BELODROMOA!

“…hemen bizitza ospatzen dugu
ez da bakarrik zinema
hemen herri bat suaren pean
oihuz, kantatu duena
ongi etorri mundura Ainhoa
eskerrik asko belodromoa
hau duzu Iñigo omena
gurea da garaipena” (Jon Maia)
Black is Beltza II: AINHOA
Zinemetan irailak 30 septiembre en cines
(argazkia: Ikor Kotx)

Black is Beltza

‘Black is Beltza II’ edo ia mundu guztiaren historia

Hirutxuloko Hitza ➝ Anaiak kontrakoa abesten zuen arren, Fermin Muguruzak beti handira hordago. Zinemaldian animaziozko filma estreinatu, eta non, eta Belodromoan. Eta zer, eta bete. 3.000 lagun txaloka eta txistuka, eta pozik eta hunkituta, eta atzera begira eta triste batzuetan, eta nik zer dakit. Bizitza ospatzen eta madarikatzen, beti bezala.

Karta guztiak zeuden mahai gainean, eta hordagoa, beraz, aldez aurretik irabazita zuen Muguruzak. Broken Brother Brass Band izan zen zeremoniaren gidari. Kristau gutxi, baina fededunak saldoka dituzte second line-an iruñarrek. Muguruzak egin zuen Nola?-rekin brass bandean sartu irtena, eta festa handirako, handienak ekarri behar.

18:00etan hasi dira, ez puntual, noski. Euriak ez du lagundu, baina kanpoan zegoen barrak, bai. Gutxika, euria apaldu, eta jendea hasi da gerturatzen. Tantaka hasieran, saldoka, amaieran. Bi ilara luze-luze filmera sartzeko. Zeren musika zoro honekin, bati baino gehiago ahaztu zaio gaur pelikula bat ikustera etorri garela.

Belodromoan, berriro ere

Belodromoaren sinbolismo historikoa aski ezaguna da; badakizue: Negu Gorriak 1 – Galindo 0. Belodromoa bitan bete eta historiarako materiala sortuta. Bada, Muguruzak, eta bere lantalde osoak bere egin du belodromoa berriz ere. Erraz esaten da, baina sartu behar dira hor 3.000 gizaseme eta gizalaba.

Eta Zinemaldiko aurkezleak atera dira, eta Espainiako Loteriari eskerrak ematen hasi dute ekitaldia eta fiu fiu fiuuu! Txistuka erantzun dute 3.000 gizaseme eta gizalabek. Zeren, bai, Zinemaldian gaude. Baina jendea ez dator hona balioak etxean utzita. Kontraesanekin koherente, erakunde publiko, multinazional eta banketxeei txistu. Artistei, Aratz jatetxeari eta Katakraki, txalo. Eta hala behar du, zer demonio.

Eta aurkezleek aurkeztu dituzte, azkenean, banan-banan, pertsonaiei ahotsa jarri dieten aktoreak, eta musikariak eta marrazkilariak. Eta, a ze festa. Denak alboan, elkarrekin, dantzan. Eta, azkenean bai. Azkenean etorri dira filmaren maisuak: Jone Unanua ekoizlea eta Fermin Muguruza zuzendaria. Zuzendariak mikrofonoa hartu aurretik, entzun da harmailetatik: Ari, ari, ari, Jone lehendakari. Zeren, agian, baten bat ez da ohartu, baina gertutik jarraitu duen orok badaki Unanua dela pelikula hauek aurrera ateratzeko berme nagusia.

Muguruzak hitza hartu duenean, orduan bai, hasi dela festa ikaragarria: “Zinemaldikoei esan nien: ‘Filman parte hartu duten 160 lagunak nahi ditut oholtzan”. Zinemaldikoek “eroa” zegoela esan zioten –gauza jakina, bestalde–, eta 160ak beste era batera gonbidatu ditu. Denak ez, baina ia gehienak aipatu ditu, eta une batean oholtzatik pasa dira: musikariak – tartean, Negu Gorriakeko Kaki Arkarazo– ekoizleak, aktore gehiago eta, txalo zaparrada artean, Egin-eko zuzendari ohi eta preso politiko ohi Jabier Salutregi –filmean protagonismo nabarmena duena, bidenabar–.

“Animaziozko film batean –esan du Muguruzak– zuzendariak egin behar duen gauza bakarra talentua koordinatzea da”. Eta nabarmena da, horretan trebeena dela Muguruza. Lantalde osoaren lana nabarmendu du: “Beti aldarrikatu dudan moduan: komunitatea eta elkar zaintza. Apur dezagun katea”.

‘Black is beltza II’

Hainbeste jende eta emoziorekin, kasik ahaztuta pelikula bat ikustera gentozela. Eta, a ze pelikula! Mash up bat zer den dakienarentzat, horixe definizioa. 86 minutuko trailer bat dirudi: sekuentzia aldaketak, gai bat bestearekin lotuta, erreferentzia ezkutuak nonahi –Zumetaren 1999ko Gernika 1988ko Iruñeko amatxi baten egongelan–, herrialdeak, izenak, gatazkak…

Harritzen da inor? Anabasa hori da Muguruzaren bertute nagusietako bat. Nahastea, lotzea, biltzea. Negu Gorriak think tank bat izan zen moduan, film hau ere lurzoru bat da. Garai baten kontakizuna, lotura libreekin. Baina, kontuz, ez ausazkoak. Zeren Kubak eta Nikaraguak sekulako oihartzuna izan zuen euskal gazteen iruditerian. Eta Afganistango gerrak eta heroinaren trafikoak euskal gazteen zainetan: “Donostia da bataz beste munduan heroina gehien kontsumitzen den hiria”. Erraz ahazten dugulako dira beharrezkoak lan hauek.

Helburua ez delako irudi poetikoa, ez delako hunkitzea. Helburua memoria da. Hain zuzen, istorioak garapen bat hartu nahi duten uneak dira filmean errenen geratzen diren uneak: Diegoren heriotza osteko malkoak irauten duten segundo t’erdiak beste pelikula baterako dirudite, baita, ziurrenik, sexu eszenek.

Edozein modutan, gidoiaren erritmoak baimentzen dituen jauzi guztiak justifikatzen dira. Eta horrela ikusten ditugu Joseba Sarrionandia aka Martin, Beñardo  aka Isidro, Amaia Apaolaza, Jabier Salutregi, Santi Muguruza, Kortatuko kideak eta beste mila pertsonaia, eta entzuten ditugu Mahmud Darwish, June Jordan, Vladimir Mayakovski eta beste hainbat. Kaleak, kartelak, kontzertuak, diskoak… erreferentzia bilduma aski aberatsa, adi dagoenarentzat.

Fikzioa eta errealitatea nahasten diren puntu horiek ere badute filma berezi egiten duten zerbait. Ainhoa, euskal jatorriko emakume beltz kubatarra, Kuban iheslari dauden Martin eta Isidrorekin euskaraz ikasten; Beirut eta Afganistanen, Egin-eko zuzendariarekin harreman zuzenean dauden kazetariak.

Garaiaren kronika egin du beti Muguruzak bere musikan. Kronika horren sintesi frenetikoa da Black is Beltza II hau.

Irailaren 30ean zinema aretoetan

Filmaren osteko txalo zaparradan Unanuak hartu zuen hitza. Bidaia hasi besterik ez dela egin, eta zinemetan ikustea beharrezkoa dela. Belodromoa aurrean zutik duela, irailaren 30etik aurrera aretoak betetzeko deia egin du, hori izango delako pelikulak egiten jarraitzeko aukera bakarra.

Muguruzak hartu du hitza. Eta bagenekiena esan du. Iñigo Muguruza anaiari eskaini dio filma. Negarrari ezin eutsi egin du, eta bati baino gehiagori eroriko zitzaion malkoren bat. Anaia Iñigo pelikulan hilezkor ageri da, umoretik eta konpromiso militantetik oroituz. Handia Iñigo.

Belodromoa beteta, 1998an bezala, Jon Maiak hartu du hitza. Hunkigarritasun pixka bat bilatu behar delako ere:

Hemen izan zen Belodromoan
hemen izan zen azkena
hemen gaur ere askatasunak
bere adierazpena
garai hartako Negu Gorriak
dira biharko udaberriak
hari bat eten ez dena
hemen bizitza ospatzen dugu
ez da bakarrik zinema
hemen herri bat suaren pean
oihuz kantatu duena.
Ongi etorri mundura Ainhoa
eskerrik asko Belodromoa
hau duzu Iñigo omena:
Gure da garaipena!

Eta amaitzeko, nola ez, Brokendarrak datoz bueltan. Agur Jaunak eta filmarentzat egindako Nicaragua Sandinista. Kattalin Minerrek esan bezala: “Horrela bai aurkezten direla pelikulak!”.

Argazkia: Xalba Ramirez

Jatorrizko berria irakurri